Ministerio de Industria, Turismo y Comercio LogoMinisterior
 

Ohiko asmakizunak

Patente-zorroa pertsona edo sozietate batek daukan patente sorta da. Patente-zorroa kudeatzea eta beste sozietate batzuenarekin alderatzea funtsezkoa da norberaren patenteen balio ekonomikoa hobeto zehazteko eta lehiakortasunari eusteko. Patente-zorroa kudeatzea lagungarri gerta dakizuke aukerak eta arrisku-faktoreak hautemateko (esaterako, indartzen ari diren merkatuak edo ordezko teknologien agerpena).

Patentearen balioa edozein patentek izan dezakeen etorkizuneko erabilgarritasun komertziala da. Patentearen balioa sozietate beraren produktuetarako erabiliz, lizentziak emanez edo patentea salduz nabarmentzen da.

Patentearen balioa zehazteko, balorazioa egiteko arrazoia zein den eta asmakizunaren ustiapena noren esku dagoen kontuan izan behar da. Adibidez: patente berberak balio bat izango du jabe den sozietatea kiebra egoeran badago eta beste bat, ordea, bete-betean ekoizten ari den baten esku badago. Ez dauka balio bera banku batentzat edo merkatuko operadore batentzat; izan ere, lehenak egin dezakeen bakarra patentea saltzea da; bigarrenak, berriz, produktibo egiteko bitartekoak ditu.

Moneta-balioaz gain, patenteek balio ez-monetarioa ere badute. Adibidez, langileak berritzaile izatera bultzatzen ditu.

Informazio gehiago nahi baduzu, kontsulta ezazu ip4innoren Ikaslearen eskuliburua.

Patente baten balorazioa egiterakoan, funtsezkoa da patentea esklusibotasun eskubidetzat hartzeaz gain, patenteari lotutako teknologia eta sozietateak bere aktibo osagarriak ustiatzeko daukan gaitasuna ere aintzat hartzea (alegia, asmakizuna merkaturatzeko gaitasuna).

Teorikoki patente bakoitza bere aldetik baloratzea komeni den arren, praktikan, zaila gerta daiteke elkarren mende dauden bi patente bereiztea.

Kasu askotan, zentzuzkoena patente sorta osoen balorazioa egitea da, ez patente bakoitzarena.